HISTORIA
Donostiako setioa
Entzun hemen historia
Mila zortziehun eta hamahiruko abuztuak 31. Donostiako historian gorriz jantzitako eguna. Egun lazgarri hartan odolak eta suak gorriz tindatu zituzten gure hiriko kaleak, ia erabat suntsitzeraino. Herritarren tragedia ikaragarri haren lekuko izan zen gure eraikin hau.
Espainia eta Frantzia elkarrekin borrokan zebiltzan Independentzia gerran eta Donostia Frantziako gudarostearen menpe zegoen. Espainiaren alde zebilen portugaldarren eta ingelesen aliantza, Napoleon Bonaparteren armadari nagusitzen hasia zen. Uda hartan, militar portugaldarren laguntzarekin, ingelesek Donostia setiatu zuten. Abuztuaren 31ko goizaldean, Wellingtongo Dukearen agindupean Sir Thomas Grahamek gidatzen zituen tropek defentsa lerroak gainditu eta hirian sartzea erdietsi zuten. Erabat gaindituta zeuden soldadu frantziarrak Urgull mendira erretiratu ziren Motako gazteluan babesteko asmoz.
Donostiarrek sekulako sarraskiak pairatu zituzten. Frantziarren aldekoak zirela aitzakiatzat hartuta, ingelesak balkoi eta leihoetara tiroka aritu ziren egun osoan, etxetara sartu eta baliozkoa iruditzen zitzaien guztia lapurtuz. Bandalismoa eta arpilatzea nagusi izan zen kale, etxe, baita elizetan ere. Eta gerran ohikoa izaten denez, emakume ugari bortxatu zituzten. Ehunka donostiar erail zituzten tiroz: haurrak zein helduak… inor ez zen salbu. Eta amaitzeko, hiriari su eman zioten.
Sute ikaragarriak hiri zaharreko ia etxe guztiak kiskali zituen. Une honetan gauden eraikin hauxe izan zen zutik geratu ziren gutxietariko bat, eta kanpoaldeko fatxada eta garaiko eraikuntzaren jatorrizko ezaugarriak mantendu dituen bakarra da.
Gertakari lazgarri haien ostean, donostiarrek hiria berreraikitzeari ekin zioten; hiri berri eta irekia, bizitzaren argia gerraren itzalari gailendu zaioneko hiria.
Krudelkeria basati haren biktimen memoria zaindu nahi dugu etxe honetan, haien oroimena ohoratu, bizitzaren aldeko eta biolentziaren kontrako ikur izan dadin. Etxe hau Donostiaren lekuko da, Euskal Herriko gainerako txokoetatik edota munduko bazterretatik bisitatzen gaituztenak besoak zabal-zabalik hartzen dituen hiriaren lekuko. Zeure etxean zaude.